Xixili kontzertu arrakastatsua

Santa Zezilia egunaren bueltan, ohikoa da musika taldeek eguna ospatuz emanaldiak eskaintzea. Gurean ere tradizioa da Xixili kontzertua eta azken urteetan euskara eta euskal transmisioaren harira osatu ohi dugu emanaldia. Aurtengoan, Korrikak eskaini dizkigun abestiak taularatu ditugu “Eman bolumena euskarari” lemapean eta hainbat izan ziren, azaroaren 17an, entzungai izan genituen doinuak. Ez da erraza izaten emanaldi hori prestatzea, izan ere, ikasturtea hasi zenetik aste gutxiren bueltan ondu beharra izaten dugu eta esfortzua eskatzen du gure ikasleen partetik. Aurtengoa ere biribila izan zen eta, batez ere, musika instrumentu desberdinen talde egiturek duten indarraren erakusle bihurtu zen Soreasu antzokian ikusi eta entzun ahal izan genuena. Musikalean egitasmoarekin ere bat egin genuen eta kontzertu aurretik txistulariek zein trikitilariek sekulako kalejira eskaini ziguten. Eskerrik asko bertaratu zinetenoi eta baita parte-hartzaile guztiei ere.