FESTARIK FESTA MUSIKATZEN
Uda usaina dauka dagoeneko egunerokoak eta lehen festak agertu dira. Auzoetan zehar banatuz doaz, kaleetako egun bereziak ere nabarmentzen dira eta mendietako erromeria egunak ere ugarituz doaz. Horien adibide ditugu Xanjuandeiko festak, Eliza kaleko festak edo Xoxoteko eguna, kasu.
Juan Antxieta musika eskolatik ere ohikoa dugu festa hauetara gerturatu eta bertako musika beharrak gure ekintza berezi bihurtzea. Urteak dira zita hauek gure ekitaldi agendan txertatu ditugula. Ikasleei plazak eta bestelako aukerak eskaintzeaz gain, herria musikatzeko helburua izan ohi dugu eta auzolanaren bitartez, musika bezalako elementu bat bermatua izan dadin egiten dugu lan urtero.
Aurten ere hasi gara zenbait leku bisitatzen eta, batez ere, Txistulari zein Trikitilari taldeek bota dute kaleak girotzeko garaiaren suziria.