Ekainarekin batera kurtsoari amaiera eman bagenion ere, hainbat izan dira opor egunetan eskaini ditugun saioak

 

Musikaletan murgilduta eman genuen kurtso amaierako kontzertua. Jendaurreko horren ondoren, ohiko ibilerari amaiera eman genion Juan Antxieta musika eskolan. Klaseak amaitu ziren eta betiko dinamika hautsi bagenuen ere, hurrengo asteetan izan zen zer entzuna gure ikasleen aldetik.

Ekainaren 18an, Udaberrian Musika zikloaren barruan, soka taldeak kontzertua eskaini zuen Basazabal jauregian. Errepertorio oparoa eskainiz, sokak ohikoak ez diren kantak interpretatu zituzten biko, hiruko edo taldekako formatu desberdinetan.

Ekainaren 23an San Juan suan parte hartu genuen. Bi urtean behin, udaletxeak antolatu ohi duen su pizketan parte hartu ohi dugu eta, aurtengoan ere, txistulariak izan ziren plazara folklore doinuak gerturatu zituztenak. 

Ekainaren 27an, Azpeitia Dantzan zikloaren barruan Luix Beltza dantza eskolaren emanaldia musikatzen izan ginen. Txistulari zein trikitilari taldea Soreasun taularatu zen zuzeneko musikaren aldarri bat eginez. Hainbat doinu interpretatuz, dantzariak lagundu zituzten aipatutako emanaldian.

Festak musikatzearen ardura ere bete genuen. Udalarekin daukagun hitzarmenari jarraituz, gure helburuen artean dago kalera atera eta herriak izan ditzakeen behar musikalak betetzea. Horregatik, uztailaren 25 eta 26ko ekitaldietan parte hartu genuen eta kaleak musikaz busti genituen. Txistulariak Santio Eguneko ekitaldian musika ipintzen izan ziren eta 26an, berriz, Ume Eguneko kalejiren ardura hartu genuen txistulari, trikitilari eta Banda Gaztea taldeen eskutik.